Herliebe: arteari eta botereari buruz zortzi artistek egindako gogoeta koordinatua ikusgai Armen aretoan, abuztuaren 23ra arte.

Home Ayto Pamplona Herliebe: arteari eta botereari buruz zortzi artistek egindako gogoeta koordinatua ikusgai Armen aretoan, abuztuaren 23ra arte.

Erakusketa EHUko Arte Ederretako Fakultatea 2012az geroztik garatzen ari den Politiko-Poetiko proiektuaren 4. edizioaren parte da.

herliebe_portada_png

Politika eta artea elkarri eragiten dioten arloak dira, esperimentazio sozial eta komunikatiboari estu lotuak. Abuztuaren 23ra arte, Iruñeko Udalak kontzeptu horiek berraztertzeko proposamena egiten digu Herliebe erakusketaren bidez. Erakusketa hori Politiko-Poetiko proiektuaren laugarren edizioaren irudikapena da, eta proiektua bera, eztabaida artistikorako gune bat, non artista talde bat 2012az geroztik lanean ari baita Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederretako Fakultatean sortutako ideia bat abiapuntu hartuta.

Oinarri teoriko horri –hau da, artelanen izaera politikoa eta poetikoaren ideiari– helduta, zortzi artistek talde-laneko prozesu bat garatu dute urtebetez, interes komun batek gidatuta: banakako lanetik harago doan erakusketa-entitatea eraikitzea, proposamen ezberdinen artean sortzen diren harremanak kontuan hartuta.

Gaur goizean, Maider Beloki Hezkuntza eta Kulturako zinegotziak eta egileetako batzuek –tartean, Amaia Molinet, erakusketa koordinatzen duen Lizarrako artista– erakusketa aurkeztu dute, Ziudadelako Armen aretoko lehen solairuan: bertan daude ikusgai Edurne González Ibáñez, Julen Alberdi, Amaia Molinet, Damaris Pan, Claudia Lorenzo, David Pavo, Sandra Alcalá Senosiain eta Camilo Torres Zorrillaren artelanak. Katalogoan, bestalde, Haizea Barcenilla idazlea aritu da kolaboratzaile.

Erakusketa uztailaren 24an irekiko da, hau da, heldu den ostiralean, noiz eta Ziudadelako gainerako aretoak ere irekiko diren egun berean. Ziudadelako erakusketa-aretoek, guztira, 2.167 m2 dituzte –aretotik aretora joateko belardiez gain–, eta azalera horrekin hiriko erakusketa-aretorik handiena da Ziudadela. Hona hala erakusketa honen nola hurrengo egunetan zehar irekiko diren gainerakoen ordutegiak: asteartetik ostiralera, 18:30etik 21:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara; igande eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara (goizez bakarrik); astelehenetan, itxita dago.

Iruñeko Ziudadelan egon ostean, Herliebe ikusgai jarriko dute, bertsio murriztuan, BilbaoArte fundazioan, uda amaieran, irailaren 16tik urriaren 2ra arte. Gogoeta artistiko eta kontzeptual honen aurreko edizioak ikusgai egon ziren Gasteizko Araba aretoan, Algortako Torrene aretoan (Getxo), Durangoko Arte eta Historia museoan eta Donostiako Arteztu galerian.

Herliebe: artistak eta artelanak

Edurne González Ibáñez (Sestao, 1980)

  • Haren proposamenak zenbait gogoeta piztu, eta tentsioa sortzen du kultur eraikuntzari lotutako gai batzuei buruz, zein eta lurraldearen, identitatearen eta errealitate garaikidearen zenbait alderdiri heltzeko oinarri gisa baliatzen direnak. Horretarako erabiltzen duen metodologia oharkabe pasatu ohi diren elementuen etengabeko bilaketan datza: elementu horiek testuingurutik erauzi eta berrinterpretatzeak egitura jakin batzuez jabetzea ahalbidetzen dute, eta horiek har daitezke abiapuntu haiek beraiek zedarritzen dituen markoaz duda egiteko. Ikus-entzunezkoek berezko dituzten mekanismoekin zerikusia duten estrategiak eta haiekiko esperimentazioa abiapuntu hartu eta hainbat proposamen sortzen ditu, ikusleei beraien bizipenak zalantzan jartzeko eskatzen dietenak: horrela, ukiguneak sortzen dira hainbat ikuspegiren artean.

    Julen Alberdi (Iruña, 1991)

  • Mitoa da Erdi Aroko jendeak uste zuela Lur planeta laua zela (eta ez biribila), XIX. mendean eboluzionismoaren eztabaidaren inguruan zientziaren eta elizaren talkaren baitan zenbait idazlek sortu eta zabalduriko mitoa alegia. Nahita sorturiko gaizkiulertu horren alde baliatu zituzten Planetaren lehen adierazpen kartografikoak, geometrikoki nahasgarriak, bi dimentsiotan eginak zirelako, eta sinbolismorako eta lautasunerako joerari helduta. Garai hartako moldeak, finean, sarritan herri-sineskeriak ezgaitasun teknikoarekin eta trebetasun ezarekin nahastu dituenak, horrek bere baitan daraman esangura-asmoa ahaztuta. Gainera, hortik abiatuta hiru dimentsiotako kartografia-adierazpena Errenazimentuan lorturiko aurrerapen eta balentria tekniko gisa aurkeztu zen, nahiz datu okerra izan hori ere, Antzina Aroan ere egiten baitzen halakorik. Historia-ziriak, gaizkiulertuak, denbora-gezurrak, haustura teknikoak…

    Amaia Molinet (Lizarra, 1988)

  • Proiektu hau Ebro ibaiaren ertzean gauzatu du artistak, Sartagudan eta Lodosan. Bertan, egileak ohiko duen argazkilaritza-lana arkitekturaren esparrura hedatu nahi du, eta horretarako, esperimentazioari ekiten dio: argazkigintzan ohikoak ez diren euskarriak eraikitzen ditu, erakusketaren eremuarekin harremanetan aritzea bilatzen dutenak.

    Damaris Pan (Mallabia, 1983)

  • Zorizko topaketa bat finkatzea, hastapen baten forma emanda: hala mintzo zen Alain Badiou amodioari buruz, baina horrek berdin balio du pintura zer den esateko. Artean aritzeko dudan manerak ordenarik gabeko zenbait elementu metatzea du oinarri: birak eta aldaketak eginez egituratzen ditut, aldi batetik bestera forma diferenteak burutuz, eta batzuetan, ezer gisara.”

    Claudia Lorenzo (Logroño, 1988)

  • Paisaia batera itzultzeko bulkadak sorrarazi zuen villaortruño_primavera bideoa. Bideoa Logroñon (Errioxa) okupaturik dagoen etxe batean dago grabaturik, maiteminduen parkearen ondoan. Paisaia hori hondar bat da, hiri denaren eta natura denaren arteko muga den hondarra. Bertan hiri-hondarrak daude, eta natura-hondarrak: ez da ez gauza bat, ez bestea, baina hura bera da. Haren egunerokotasuna abiapuntu hartuta. Bidaia bera itzulera bihurtuta. Espazio horretan egoteko eta grabatzeko bulkada.

    David Pavo (Ermua, 1987)

  • Erakusketan aurkezten duen eskultura-multzoa sormen-beka bat baliatuta egin zuen artistak Okela Sormen Lantegian (Bilbo). Han, artelanak erakusketa-aretoan bertan eraikitzen zituzten, erakusketa iraun bitartean. Helburu nagusia zen eraikuntzak burutzea plastikoki eta estetikoki, aldez aurretik pentsaturiko material xumeekin. Ezagutzen ez denaren aurkikuntzak gidatzen duen prozesu baten deriba figurazio batean hasten zen eta pixkanaka abstrakzioan barna abiatzen zen. Prozesua modu naturalean amaitu zen, eskultorea bultzatzen zuen aurkikuntza agortu, eta produktua manierismoaren etapara jo zuenean.

    Sandra Alcalá Senosiain (Iruña, 1985)

  • “Gure bizitzetan banderek jokatzen duten papera du aztergai 1-195 bandera-S proiektuak, banderek batzen baikaituzte, eta aldi berean banandu.” Bideo-performance horretan, 195 bandera ikus daitezke, haien ikur, kolore eta abarrekin, elkarri lotuta. Proiekzioak aurrera egin ahala, banderek formak galtzen dituzte, esanahiak, konnotazioak… Azkenean, bandera zuri handi bat bilakatzen dira, esanahi horiez guztiez biluztua, baina, aldi berean, esanahi berrien sortzaile. Bideoa oihal margulduan bertan proiektatzen da.

    Camilo Torres Zorrilla (Santiago, Txile, 1971)

  • Zeregin artistikoari ekoizpen-mekanismo bati bezala ekiten dio, xede hartuta diskurtso kritiko bat garatzen dituzten hausnarketak eta ideiak hezurmamitzea, esku-hartze jakin batzuen bidez, leku jakin batzuetan. Bere proposamenetan, artistak politikoa dena orainari dagokion ekintzatzat hartzen du, gizartea eraldatzeko prozesuak nork bere ingurunea eraldatzekoekin lotzeko bidea ematen duena. Diziplina anitzeko instalazio batzuen bidez, ikusleei gonbit egiten zaie beren testuingurua birpentsa dezaten, bai eta banakoen bizi-baldintzak zedarritzen dituzten inguruabar sozial, politiko eta kulturalak ere.